EAJ-PNVko eurodiputatuak Costas Kadis arrantza komisarioari premiatu dio Batasunaren arrantza politika berrikustea, eta funtsak zentralizatzeko saiakera guztiak gaitzetsi ditu
09Uztailak Europako Parlamentuko arrantza batzordeak, gaur, ostegunarekin, Europa Global programari buruzko iritzi-txostena babestu du. Hau da EBren Kanpo Politikarako tresna finantzarioa, arrantza eta akuikultura barne hartzen dituena eta Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalea txostengiletzat duena. Onartu berri den agiri honek, udako sasoia amaitutakoan osoko bilkuran bozkatuko denak, “behar besteko finantzaketa” erreklamatzen du hurrengo urteetarako finantza marko barruan arrantza eta akuikultura sektoreetan egingo diren jardueretarako; eta, horrekin batera, hazkundeari eta enpleguari arreta berezia jartzea, eta ez soilik ingurumenari; zero tolerantzia legez kanpo praktikatutako arrantzaren aurrean; lehiakortasunerako baldintza ekitatiboak Europako ontzidiaren eta hirugarren herrialdeetako ontzien artean; eta benetako koordinazioa estrategia integral bat eraikitzera begira.
Agirregoitiaren esanetan garrantzitsua da oreka egokia lortzea konpromisoen eta Europa Globala Funtsak arrantza sektorerako duen dimentsioaren helburuen artean . "Arrantza eta akuikultura ere badira gure lurraldeetan lehiakortasun eta hazkunderako motore eta, beraz, funts berriek balio beharko lukete gure arrantza sektorearen oparotasunerako eta hirugarren herrialdeentzat onuragarriak izango diren elkarketak sustatzeko, hazkundea pizteko, enplegua eta baldintza hobeak sortzeko, lehiakortasun leiala izan dezagun”, adierazi du bozketa amaitutakoan. Aurkeztu duen txostenak 129 zuzenketa jaso ditu. Azkenean hiru zuzenketa handi geratu dira eta parlamentuko gehiengoaren babesa jaso dute.
Proposatutako tresnaren xedea da hirugarren herrialdeetan Batasunaren jardunak ozeanoen mundu mailako gobernantzari mesede egitea eta elikagaien hornikuntzaren segurtasuna eta kostako komunitateen erresilientzia bermatzea. Arrantza jasangarrirako lankidetza akordioen finantzaketa Europa Globala funtsaren mende ez dagoen arren, garrantzitsua da koordinazio estua izatea, Europako finantzaketak arrantza eta akuikultura sendotzen lagun dezan, bai eta mundu mailako anbizio eta asmoa ere, ozeanoen gobernantzari dagokionez.
“Ez da programaren ahalmena gutxietsi behar. Ozeanoarekin lotutako arauetan oinarritutako nazioarteko ordena bat sustatzeaz gain, legez kanpoko, arautu gabeko eta aitortu gabeko arrantzaren aurrean zero tolerantzia defendatu behar du, eta arrantzarako eta akuikulturarako lehia-baldintza bidezkoagoak lortzen lagundu behar du, eta, idealki, lankidetza sustatu eta alde guztientzat onuragarriak diren aukerak aktibatu behar ditu Batasuneko enpresen eta herrialde elkartuetako enpresen artean", azaldu du.
Arrantza politikaren ebaluazioa
Arrantza batzordean botoa eman ondoren, Agirregoitiak Europako Ganberako osoko bilkuran hitza hartu du Costas Kadis arrantza komisarioarekin Arrantza Politika Bateratuaren ebaluazioari buruz egin den eztabaidan. Eurodiputatu jeltzaleak bi mezu bidali ditu: lehena, arrantzarako funtsen murrizketaren eta zentralizazioaren aurkakoa, Urte Anitzeko Finantza Esparru berrian, eta bigarrena, arrantza politika bateratuari buruzkoa.
“Gure arbuio osoa zentralizatzeari eta arrantzarako funtsak estatuka banatzeari, gure kasuan horrek ekarriko lukeelako den-dena Madriletik erabakitzea. Euskadin sektore bat dugu bertatik bertara entzuna izatea merezi duena”, ohartarazi du. Halaber, Agirregoitiaren aburuz, arrantza politika albait arinen berrikusi behar da sektoreak dituen erronka ugariei erantzuteko, oraingo arau markoak ez baitu horiek konpontzea lortu: “Jakin dakigu borondate politikoa baduzula, baina hausnarketa egiteko denbora amaitu egin da. Berehala ekin behar diogu”, ohartarazi du.
Iragan apirilaren amaieran Europar Batzordeak aurkeztu zuen txostenak aitortzen du aurrera pausuak eman direla gehiegizko arrantza murrizteko orduan eta arrantzaren kudeaketa indartzeari dagokionez, baina ildo beretik ohartarazi du jasangarritasun alorrean gabeziek bere horretan jarraitzen dutela, arrantzalekuetan espero zen guztia berreskuratu ez delako eta sektorearen bideragarritasunari zuzenean eragiten dioten kontu batzuengatik, hala nola energiaren prezio altua, jardueraren beraren kostuak, ontzien zahartzea eta arrantzatzeko aukerei dagokiona.
Horri gehitu behar zaio lehorreratzeko derrigorra, hau da, harrapatzen diren arrain guztiak lehorrera eraman behar direla ezartzen duen araua, nahi ez diren espezieak edo arautik kanpo geratzen diren tamaina txikikoak barne. Arau horrek ez ditu arrantza praktiketan espero ziren hobekuntzak bermatu eta ez du aukeragarritasuna areagotu. “Horrek denak beharrezko egiten du berrikusketa bati heltzea, arrantza politika malguagoa eta sinpleagoa izateko, ingurumenaren zutabeaz gain, sektorearen etorkizun sozioekonomikoa eta kostako komunitateak aintzat hartuko dituena, funtsezkoa baita itsasoko erregioen ongizate eta etorkizunerako”, baloratu du.